jueves, 8 de mayo de 2008

Maiatzaren 1-eko idatzia

Garan argitaratutako idatzia

Homofobia lan munduan

Bizkaiko Ekainak 28 koordinakundetik (sexu askapenerako Aldarte, Bizigay, EHGAM, Euskal Hartzak, Hegoak, mass medeak eta Queer Ekintza taldeek osatzen dutena) hurrengo hausnarketa helarazi nahi diogu gizarteari.

Sexu bereko bi pertsona elkarrekin ezkondu ahal izateko ezkontza zibilaren legea moldatu izana oso aldaketa garrantzitsua izan da gure gizartearentzat, duda izpirik gabe. Aldaketa, ordea, erreala baino formala izan da. Hau da, legea aldatzeak homofobia antolamendu juridikoaren parte ez izatea lortu duela esan genezake, baina ez du inondik inora lortu homofobia gure gizartetik desagerraraztea. Egia esan, agerikoa da homofobia sozialak lehen zegoen maila berean jarraitzen duela.

Agian, gaur egun homofobiak ez du hain eragin nabarmena gizonengan (gizon diren aldetik, indartsuagoak baitira gure gizartean); bai, aldiz, bereziki ahulago eta babesgabeago dauden pertsonengan, hain zuzen ere, umeengan, nerabeengan, etorkinengan, transexualengan eta emakumeengan.

Homofobiak guztiok ahulago gauden egoera eta leku horietan jokatzen du, batez ere, krudelkeriaz. Eta zein da, gaur egun, edonor ahulago dagoen leku edota egoera? Lanpostua, jakina!

Lanpostua oso inguru bortitza da guztiontzat, baina are bortitzagoa gay, lesbiana eta transexualentzat. Ustez beraien sexualitatea askatasunez bizi duten lagunak, beraien lanean armairu hutsak direla konturatzen zara, halako batean. Zergatik, bada? Sexu arrazoiengatik diskriminazioa, erasoak, eta mobbing-a eguneroko kontuak direlako: bai nagusiek bai, modu are mingarriagoan, lankideek beraiek ere egindakoak.

Gizon gayek egoera zaila dute lanpostuan. Emakume lesbianek gaizki pasatzen dute, benetan. Gainera, etorkinak badira, hura infernu gorria! Eta transexualak badira... lana? Ze lan?

Orain arte, sexu aukera ezberdinek eragindako diskriminazioaz oso gutxi kezkatu da langileen mugimendua, eta egin duenean ez du arrakasta handirik izan. Sexu askapenerako mugimenduok ere, ez dizkiogu behar duen denbora eta kemena eskaini. Bai batzuek, bai besteok, beste «gudatan» genbiltzala esan liteke. Baina hau aldatzeko garaia heldu da dagoeneko, izan ere, ez baitugu benetako berdintasuna izango gay, lesbiana edota transexual batek lanpostuan bere burua aske adierazteko aukera ez duen bitartean, besteek egiten duten modu berean.

Horregatik guztiagatik, dei bat egin nahi dizuegu denoi: enpresariei, sindikatuei, alderdi politikoei, gizarte mugimenduei eta hiritar guztioi, gatazka honetan parte hartzeko, lanpostua guztiontzat gune librea izan dadin. Garaia da eta.